
1200 euroko diru laguntza emango dio Ajangizko Udalak HITZAri 2008an
Ajangiz Diru kopuru horretatik 300 euro harpidetzetara bideratuko ditu Udalak; bost harpidetza izango ditu.
erredakzioa
Hitzarmena sinatu dute Ajangizko Udalak eta BUSTURIALDEKO HITZA egunkariak. Lau urterako hitzarmena sinatu zuten atzo Koldo Carbonell Ajangizko alkateak eta Oihana Cabello BUSTURIALDEKO HITZA egunkariaren zuzendariak. Bi aldeen arteko hitzarmen hori 2008tik 2011ra artekoa da, legealdi honen bukaera artekoa, hain zuzen ere. Horrela, Ajangizko Udalak diruz lagunduko du eskualdeko euskarazko egunkaria, urtero.
Biztanleko hiru euroko laguntza
2008ari dagokionez, biztanleko hiru euroko laguntza ematea erabaki zuen udalbatzak 2008ko ekainaren 4an egindako osoko bilkuran. Zinegotzi guztiak BUSTURIALDEKO HITZA diruz laguntzearen alde agertu ziren. Ajangizek 400 biztanle ditu eta, beraz, 1.200 euroko laguntza emango dio BUSTURIALDEKO HITZA egunkariari.
Hitzarmena, hala ere, urtero berrikusiko da, eta bi aldeen artean adostuko da hurrengo urterako egitasmoa eta aurreikuspena.
Diru laguntza baino gehiago
BUSTURIALDEKO HITZAK Ajangizko informazioa jaso, jorratu eta zabalduko duelaren konpromisoa hartu du hitzarmena sinatzerakoan. Era guztietako gaiak eta edukiak argitaratzeko konpromisoa. Ajangizko Udala informazio iturri garrantzitsua da herriko bizitzan. Horrela, egunkariak Udalaren eta herritarren arteko zubi izan nahi duela jasotzen du hitzarmenak, eta Udalarekin zerikusia duten albisteak argitaratuko dituela.
Bost harpidetza herrian
Diru laguntza bakarrik ez, Ajangizko Udalak bost harpidetza ere izango ditu. Bost ale horiek herrian bertan zabaltzea da Udalaren asmoa. Egunkari bat udalean utziko dute, «gainontzeko herrietako informazioa eskuragarri izateko», aipatu du Koldo Carbonell alkateak. Gainontzeko aleak herritarrak ibiltzen diren tokietan utziko dituztela eskuragarri aipatu du alkateak. «Jendea euskaraz irakurtzera ohitu behar da. BUSTURIALDEKO HITZA horretarako tresna aproposa da, euskara ulerterraza erabiltzen baitu», gaineratu du Carbonellek. Hori dela eta, Kanpantxuko txokoan, Mendietako txokoan, kultur etxean eta herriko tabernan utziko dituzte gainontzeko lau aleak.
2008an hainbat udalek sinatu dute hitzarmena BUSTURIALDEKO HITZA egunkariarekin, berau diruz laguntzeko. Lehenengo Gernika-Lumoko Udalak, ostean Busturikoak, beranduago Ibarrangelu- koak eta atzo, azkenik, Ajangizko Udalak. 2007an soilik Bermeoko eta Muruetako udalek laguntzen zuten diruz BUSTURIALDEKO HITZA.
Koldo Carbonellen ustetan, «orain euskarazko hedabideen apostua euskararen eremua guztiz murriztuta duten eskualdeetara zabaltzea izan beharko litzateke», besteak beste, Bilbo aipatu du alkateak.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.