Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Ajangiz
2008ko irailak 8, Astelehena

;2008-06-28;Joseba Jauregizarri eman diote aurtengo Mikeldi saria. Ajangiz MTCren sorreran eta garapenean emandako laguntza eskertu nahi izan dio Maierrek sariarekin.

Joseba Jauregizarri eman diote aurtengo Mikeldi saria

Ajangiz MTCren sorreran eta garapenean emandako laguntza eskertu nahi izan dio Maierrek sariarekin.

egoitz atxikallende

Joseba Jauregizar Bilbaok hartu zuen atzo Maier S. Coop-ek urtero banatzen duen Mikeldi saria. Aipatu saria kooperatibaren garapenean positiboki eragin duten pertsona fisiko edo juridikoei merezi duten errekonozimendua emateko banatzen dute. 1999an hasi ziren saria ematen, baina zenbait urtetan eman gabe ere utzi dute.

Saria edo aipamena nori eman erabakitzeko, «edozein bazkidek proposatu dezake hautagaia, eta gero zuzendaritza taldeko hiru pertsonen artean erabakitzen dute nori eman», Julen Madariaga Maier S. Coop-eko lehendakarien hitzetan.

Sari banaketa 12:30ean hasi zuten Maier Tecnology Centreko (MTC) gela batean. Lehendabizi, Juan Luis Irazabal Maierreko zuzendari orokorrak hartu zuen hitza, eta ongi etorria eman zien ekitaldira hurbildu ziren guztiei.

Julen Madariaga mintzatu zen ostean, eta saria ematearen arrazoiak zeintzu diren azaldu zituen. Bereziki, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntza zuzendari zela Jauregizarrek egindako lana zein den adierazi zuen. «MTCren sorkuntzan eta zentroak dituen hamabost urteetan beronen garapenean emandako laguntza baliogarria» aipatu zituen, besteak beste.

Esker oneko hitzak

Horren ostean, eta saria eman ondoren, Joseba Jauregizarri eman zion hitza Madariagak. Jauregizarrek esker oneko hitzak izan zituen eta Maierren lagun andana duela gogoratu zuen. Horrez gain, honakoa aipatu zuen: «Maier aitzindaria izan zen teknologia zentro bat sortzerakoan». Horregatik, «garapenean eta berrikuntzan Maier adibide» dela gehitu zuen Jauregizarrek.

Jauregizarrek bere hitzaldia bukatu zuenean, Alberto Fernandez Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendariak hartu zuen hitza. Horrek Jauregizarren jarraitzaile eta dizipulua dela aipatu zuen, eta Jauregizarri emandako saria bere ere egiten duela aipatu zuen. Horrez gain, saria Jauregizarri emateaz Ana Agirre Industria sailburua ere «oso harro» dagoela gaineratu zuen.

Antonio Ortizi ere saria

Industria saila Jauregizarrek hasitako lanaz harro dagoela aipatu zuen Fernandezek. Gaur egun gobernuko lana utzita badu ere, berak hasitako lana oinarri hartuta ari direla lanean gaineratu zuen.

Hitzaldiak bukatu ondoren, saritua eta ekitaldiko parte-hartzaile eta gonbidatu guztiak MTCren aurreko aldera joan ziren. Bertan ohorezko aurreskua dantzatu zioten Jauregizarri.

Atzo emandakoa aurten banatutako bigarren Mikeldia izan da. Lehenengoa Asanblada Orokorra egin zuteneko egunean eman zioten Antonio Ortizi, Maierren alde egindako lana eskertzeko.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.